Ur sendagarri berriak Kuartangoko bainuetxean
2022ko otsailaKuartangoko bainuetxe zaharra berreskuratzeko, eta berrikuntzarako eta ekintzailetzarako gune bihurtzeko proiektuak irtenbide adimendunik onenetakoaren aintzatespena jaso du Europako Batzordearen eskutik.
Kuartangoko bainuetxea eraldatzeko proiektua Smart Rural 21 ekimen europarreko 40 irtenbide global onenen artean gailendu da. Ekimen horrek herrixka adimendunen estrategiak garatzera eta inplementatzera bultzatu eta inspiratu nahi ditu herriak, bai eta etorkizunean arlo horretan esku hartze politikoak egiteko ondorioak ateratzera ere.
Programa ekainean amaitzen da eta E40k koordinatzen du, bost bazkide espezialistarekin batera: IfLS eta empírica (Alemania), Innovatiesteunput (Belgika), Atenasko Nekazaritza Unibertsitatea (Grezia) eta eConcepts (Irlanda).
Eraikina 25 urtez abandonatuta egon eta gero, Udalak —beste erakunde batzuen laguntzarekin eta herritarren parte hartzearekin— erabili gabe zegoen bainuetxea osorik birgaitzearen aldeko apustua egitea erabaki zuen, ekintzailetzarako eta gizarte berrikuntzarako jardueren garapenaren erreferentzia bihur zedin.
Eraikina eta landa ingurunea osorik eraldatzeko duen gaitasuna dela eta, proiektuak Europako Batzordearen aintzatespena jaso du, zeinak azpimarratu egin baititu bertako biztanleen konpromisoa eta parte hartzea; halaber, azpimarratu egin du gune bat garatzen duela, zeinetan “lo” dauden aktiboak hainbat eremutan aukerak sortzeko elementu bihurtzen diren.
Berrikuntzarako gunea
Kuartango Lab 1890eko hamarkadan Zuhatzu Kuartangoko ur sendagarriez gozatzeko eraikitako eraikin erraldoia berrikuntzarako gune bihurtzearen emaitza da. Gaur egun, enpresen hazitegi bat, coworking bat eta HAZIk sustatutako Labean Espazio bat ditu, instalazio teknologikoekin eta tresna telematikoekin, komunitatea osatzen duten eragile, erakunde edo enpresen arteko konexioa eta sareko lana errazteko.
Kuartango sagardotegia eta, ondoren, Ekotarriko kontserba industria ekologikoa izan ziren birgaitutako eraikinean instalatu ziren lehen negozioak. Gaur egun, aipatutakoez gain, honako hauek ere badaude bertan: komunikazio enpresa bat, argitaletxe bat, moda diseinatzaile bat, landa-inguruneko ondasun komunarekin lotutako proiektuetan diharduen kooperatiba bat, eta kultur eta natura ondarearen aldeko elkarte bat. Instalazioetan material jasangarriak eta konexio ahalmen handia izateari esker, Kuartango Lab Espainian telelana errazten duten herrien sare nazionaleko kide da.
Parte hartze proiektu bati esker, berriro ere darizkio Zuhatzu Kuartangori behinola luxuzko bainuetxeari fama eta ospea eman zizkioten antzinako ur sendagarriak, eta orain berrikuntza-iturri bihurtu dira, bertako landa-ekosistema biziberritzeko eta eraldatzeko eragile izateko nahian.