Paraxuta eta aterkia
2021ko abenduaArabaren garapen ekonomiko handia biodibertsitatea eta ekosistemak kontserbatzeko eta leheneratzeko ingurumen-kudeaketa egokiarekin uztartzen jakin dute, landa-ingurunearen esentzia zainduz.
Einsteinen aipamen bikain batek dioenez, "Adimena paraxuta bezalakoa da, irekitzen bada bakarrik funtzionatzen du". Pentsamendu sakon horrek honako arrazoibide hau ere elika lezake: ideia distiratsu bat izanez gero, merezi du ideia gauzatzeko arriskua hartzea, ideia horren indarrak porrot egin dezazun saihestuko baitu. Basa-ekintzailetza zainetan.
Epai hori Arabako idiosinkrasiara egokituko bagenu, litekeena da paraxutaren ordez aterkia erabiltzea; izan ere, euriaz badakigu zerbait, eta –buru sortzaileak bezala– irekitzen bada bakarrik funtzionatzen du aterkiak. Arabaren historian, aterki irekiak zuhaitza du ikur. Antzinako garaietatik, arte edo haritz berezien adaburuen babesean hartzen ziren herri eta eskualdeetako komunitateei eragiten zieten erabaki garrantzitsuak.
Gaur egungo ganbera legegile edo agora arranditsuen aurrekari garratz eta bizia izan ziren zuhaitz bikain horiek. Arazo baten konponbiderik onena norberaren eta guztion onuran eragina duena dela sinetsita, buru-aterkiaren irudiak gola sar diezaioke buru-paraxutaren irudiari.
Ezin bestela izan: gaur egun, pentsamendu etiko eta sozial garrantzitsu horrek merkataritza-estrategia batean du erantzuna. Esku artean dugun kasuan, "win-win" (irabazi-irabazi, hitzez hitz) deitzen zaio, eta alde guztiek irabazten dute; esan daiteke, bide batez, estrategia hori Stephen Coveyren laurogeita hamarreko hamarkadako auto-laguntzako liburu arrakastatsu batetik berreskuratutakoa dela.
2022an 20 urte beteko dira Arabako Parke Teknologikoaren ekimen aitzindari bat abian jarri zenetik: ekoartzaintza. Artikulu honen argazkiko ardi autoktonoen esnearekin egiten ditu Etxabarri-Ibiñako Buruaga Arditegiak Idiazabal gazta bikainak, World Cheese Adwards ospetsuan urrezko eta zilarrezko sari mordoa irabazitakoak.
Artaldea modu naturalean arduratzen da parkeko berdeguneak mantentzeaz. Kontsumo energetikoak, makinen zaratak eta agrotoxikoen ondorioz lurzorua pozoitzea saihesten dira. Ongarritze tradizionala eta ekologikoa errazten da, eta kalitatezko simaurra sortzen da, ekonomia zirkularraren adierazle gisa, lursailak ongarritzeko berrerabiltzen dena. Google eta Yahoo bezalako enpresa multinazional handiek ere imitatu dute ekimen handi hori.
Konponbide-aterki adibide horrek beste irakurketa bat eskaintzen du, non Arabako jendearen borondatea identifika daitekeen: erresilientzia. Talentuaren abangoardia, etorkizunari begira dagoena, eta artzaintza, Neolitikotik datorrena, elkarrekin bizi dira espazio berean. Bi jarduerek onenetik onena ekoizten dute, eta iraganak ere berrikuntzan baduela lekua erakusten dute.
Informatikan esaten den bezala: Ongi badabil, ez ukitu.