Haizea Gorbeiako artzainaren kontakizunak (8)
2023ko ekainaArabako Mendialdea eta bertako natura harrigarria
Maiatzean 25 urte bete dira Mendialdearen bihotzean –Arabako Mendialdeko eskualdean– dagoen baso-eremu zabala Parke Natural izendatu zutela. Mendialdea zeharkatzen duen ibaiari, Izkiri, zor dio izena gune pribilegiatu horrek, babes berezia baitu bere balio ekologiko eta edertasun bereziagatik.
Izkiko Parke Naturalak flora eta fauna espezie ugari ditu. Gizakientzat parkeak eskaintzen dituen ibilbideetako batzuetan barrena ibiltzea basoetako paisaien eta arroka eta amildegi ikusgarrien film batean bezala bizitzea bada, gure txakur-arrazentzat sentsazioen paradisu batean barneratzea da.
Naturaren oasi hau nabarmentzen duten mirari ugarietako batzuk kontatu nahi dizkizuet. Olandinako urmaelean –Birgaragoienetik oso gertu–, uraren isiltasuna estaltzen duten nenufar zurien espeziearekin estasia zaitezkete. Uretako espezie eder hori Euskadiko aintzira horretan bakarrik bizi da. Nenufar zuriaren loraldia uztaila eta abuztua bitartean izaten da, eta eguerdiko orduetan errazagoa izaten da irekita ikustea. Sorgin-orratzak eta txitxi-burruntziak jirabiraka ibiltzen dira, eta beste inork baino gehiago gozatuko dute Izkiko ekosistemaren altxor horretaz, ziur. Iberiar penintsulan ez dago azalera-unitateko espezie horien dentsitatea handiagoa duen beste lekurik.
Parkeko baso erraldoietan bizi diren zuhaitzen artean, ametzaren presentzia nabarmentzen da. Espezie horretako hariztia Europan hedadurarik handiena duena eta ondoen kontserbatuta dagoena da. Baso horien ezaugarriei lotuta, egurrez elikatzen diren hainbat intsektu-espezie bizi dira ekosistema horretan, baita okilak ere, parke horren benetako nortasunaren ezaugarrietako bat. Izkin, Iberiar penintsulako zortzi okil espezieetatik sei daude: lepitxulia, okil beltza, okil berdea, eta okil handia, ertaina eta txikia. Okil ertaina da bereziena, basoko hegazti bakan eta ezezagunenetakoa baita, bere tamaina eta portaera iheskorragatik.
Amildegietako pasealeku eta begiratokietan harkaitz-formazio izugarriez gozatzea da lurralde magiko eta berezi honek eskaintzen duen beste erakargarrietako bat. Erdi Aroko Korres hiribildu xarmagarrian parkeko Interpretazio Zentroa dago.
Zain dituzu naturgune horrekin harmonian bizi diren Arabako Mendialdeko herri xarmagarriak eta bertako landa-negozio txikiak. Ezin duzu hitzordu hori galdu; gainera, behin baino gehiagotan errepikatzea merezi du, Arabako eskualde horrek eskaintzen dizkizun leku miragarriak ezagutzeko.
Ondo izan!