Jatorrira itzultzea, hobetzeko. Bizi-kalitate hobearen bila
2022ko EkainaJoan den mendeko 50, 60 eta 70eko hamarkadetan, Araba –eta, bereziki, hiriburua– estatu mailan industria-hazkunderik handiena izan zuen lurraldea izan zen. Industria-iraultzak landa-inguruneko milaka pertsonaren emigrazioa ekarri zuen, helburu argi batekin: bizi-kalitate hobea lortzea.
Gaur egun, XXI. mendean, alderantzizko joera da landa-hiri migrazioarena: gero eta arabar gehiagok egiten dio uko hiriko bizitzari, eta Agurain, Oion edo Guardia bezalako herrietako biztanle bihurtzen dira, hiriko zalapartatik aldendu eta bizi-kalitatea hobea aurkitzeko.
Horixe izan zen Tarteka Mediaren sortzaile Ferminen kasua. Lau urtez Miramongo Parke Teknologikoan (Donostia) lan egin ondoren, Aguraini, bere bizilekuari, aukera bat ematea erabaki zuen. Harentzat, bizitza soziala, hurbiltasuna eta joan-etorrietan denbora aurreztea funtsezko faktoreak izan dira bere bizi-kalitatea hobetzeko.
Carlosek (Sobre Blanco Estudio) eta Anak (Orban Impresión) ere Agurain aukeratu zuten beren jarduera garatzeko. Beren kasuan, hasiera-hasieratik izan zuten argi: beren herria bizirik mantendu nahi zuten. Carlosek zailtasun handiak izan zituen hasieran, konektibitaterik eza arazo handia baitzen duela 30 urte.
Horregatik, bere estudioa hiriburura eraman behar izan zuen fundatzaileak. “Nazio-mailako bezeroek hemendik eskaini ezin nuen zerbitzu bat eskatzen zuten”, deitoratu du. Hala ere, teknologiak eta telekomunikazioek azken urteotan izan duten aurrerapenari esker, bere sustraietara itzuli ahal izan da, eta sortu zen lekuan kokatu du berriz ere estudioa.
Anari dagokionez, ez du inoiz utzi Agurain. "Pixka bat harago iristeko beharrarekin hasi zen dena", kontatu du. Diseinu grafikoen enpresa gisa hasi zenak inprimaketa-prozesuak kudeatzen ere amaitu zuen. Bere ustez –“bertigo pixka batekin” hasi zuen bere landa-ekintzailetzako prozesua-, landa-ingurunean egotearen alde onak alde txarrak baino gehiago dira. “Oso erosoa da etxetik gertu lan egitea eta lana eta familia uztartu ahal izatea. Zure bizilagunentzat lan egiteak, gainera, errazagoa egiten ditu izan ditzakezun une zailak”, gehitu du.
Ernestok (Eosfera, Oion) azpimarratu duenez, bezeroekiko hurbiltasuna da landa-eremutik ekitearen abantaila handienetako bat. Diseinatzaile grafiko honen ustez, bere herrian lan egiten duenetik, bere lana eta familia hobeto uztartzen ditu, Anak bezala. ”Gainera, orain ia ez dut autoa hartzen; etxetik bulegora zazpi minutu dira oinez. Aparkatzearen estresaz, auto-ilarez eta erregai-gastuaz libratzen naiz. Ez nintzateke lekuz aldatuko”, esan du.
Uxue (Sorsain, Guardia) inguruko lehia eskasaz baliatu zen bere negozioa han ezartzeko. “Nire ustez, Arabako Errioxan oso beharrezkoak dira eskaintzen ditudan zerbitzuak, upeltegi eta enpresa asko oso atzeratuta daudelako digitalizazioari dagokionez”. Madrilen 2 urtez bizi ondoren, arabarrak asko baloratzen du naturarekiko etengabeko kontaktua eta Guardiak eskaintzen dion bizi-erritmo lasaia.
Ekintzaile horiek guztiak bat datoz esatean duela urte batzuk beharrezkoa zela hirian bizitzea beren jarduerak garatzeko. Teknologien, telelanaren eta globalizazioaren aurrerapenari esker, ordea, gaur egun munduko ia edozein lekutatik gauza dezakete jarduera ekonomikoa. Eta, zerbait argi badute, hauxe da: ez luketela Arabako euren herria beste leku bategatik aldatuko.