Jatorrira itzultzea
2022ko apirilaEzpelezko koilarak, ikatza, ehizakia, basa belarrak, baratzea, boilurra, eztia eta fruitu autoktonoak. Osagai horien aldeko hautua egiten du, besteak beste, Edorta Lamok bertako gastronomiari balioa emateko; osagai horiek baliatuz, bultzada bat ematen die beste eragile batzuei, hala nola gure herri eta mendietako ekoizleei, artisauei eta biztanleei.
Gizarte honetan, batzuetan, ez dugu landa kultura zaintzen, eta gutxietsita eta ahaztuta senti daiteke. Arrea! Edorta Lamok bere sustrai basatienetara itzultzeko duen modua da; nortasuna, kultura eta bertako ohiturak islatzen dituen estilo propioko sukaldaritza baliatuz gauzatzen dena.
Omenaldia identitateari
Identitatea, ingurunea eta gozamena: horrela deskribatzen du jabeak jatetxeak jankideei ematen dien esperientzia gastronomikoa. Horregatik, Kanpezun babesa bilatu ondoren eta eskualdea mapa gastronomikoan kokatu ondoren, Arabako Mendialdeko tradizioan oinarritutako sukaldaritzak distira handiagoa lortu du bi Repsol eguzkirekin.
Haren semea jaiotzeak piztu zuen sukaldariarengan sustraietara itzultzeko beharra: komunitatea, babesa edo elkarrekiko laguntza bezalako balioak bilatzen zituen, eta hurbileko ekoizleekiko zuzeneko tratua sustatu nahi zuen. Hori dela eta, bere herria aukeratu zuen proiektu berezi hau garatzeko leku kutun gisa.
Kanpezuko landa ingurunean, Lamok herriaren berezko gastronomiari eta horrek dakarren guztiari eman nahi dio balioa: herriko jendeari, kulturari eta produktuei. Era berean, jabearen iritziz, landa eremua da gizartearen bizimodu azkarregi hau geldiaraz dezakeen gauza bakarra. Hori dela eta, azpimarratu egiten du zer garrantzitsua den gure landa ingurune aberatsak eskaintzen duena bezalako ingurune bat izatea, bisitariei hiritik deskonektatzen eta erlaxazioaz gozatzen laguntzeko.
Lamok Arrea!rentzat prestatutako plater bat
Esperimentatzeko gose
Edorta Lamoren DNAk produktu tradizionala du ezaugarri. Hala ere, bere sukaldaritzak badu ere berrikuntza eta modernotasun kutsua. Arrea!ren etorkizunaz hitz egiterakoan, Lamok dio bidean sortzen diren bilakaera guztietara irekita dagoela.
"Zuhaitzak beti izango du Arrea!rentzako adar eta fruitu ugari" dio, eta bere buruari buruz esan du jakin min handia duela eta geldiezina dela. Bien bitartean, chef arabarraren goi mailako sukaldaritzak su motelean egosten jarraituko du bere herriaren, familiaren eta oroitzapenen gastronomiaren adierazpen gorena, horiek guztiak sukaldaritzan duen eskarmentuarekin eta harekiko grinarekin uztartuz.