Casa Taida edo landa-merkataritzaren xarma
2022ko urtarrilaBerezia, tradizionala eta xarmagarria. Horrela deskribatzen dute bisitari askok Casa Taida. Alfontso jabeak hamar urte daramatza, ia, familiaren negozio horretan opariak tratu pertsonal eta hurbilaren bidez eskaintzen, baina lokal berezi horren jatorria aspaldikoa da
1905ean, Artziniegak 1.100 biztanle baino gehixeago zituen, egungo biztanleriaren heren bat gutxiago. Aspaldiko urte hartakoak dira Alfonsok, mende bat geroago, Dorreko Aldapa kaleko lokal tradizionalean aurkitu zituen lehen fakturak. Lehen urte haietan, haziak, ongarriak, elikagaiak eta edariak saltzen zituen Alfonsoren aitonak. 1960an, eraikina erabat zaharberritzea erabaki zuen familiak, inguruko eraikin osoenetako eta handienetako bat bihurtzeko. Bizitza osoa bisitariak artatzen eman ondoren, itxi egin behar izan zuten jabeek 2004an, beren osasun egoera delikatuagatik. Izan ere, 91 eta 87 urte zituzten.
Hamar urte geroago, Alfonsok, sortzaileen bilobak, negozioaren gidaritza hartzea eta Casa Taida berrasmatzea erabaki zuen. Retro dekorazioan inspiratuta, denda berriro irekitzea erabaki zuen, eta bezeroei oparitarako ideiak eta apaingarriak edo etxeko gauzak eskaintzeaz gainera, egunero bere denda xarmagarria zaintzen jartzen duen asmamena, sormena eta maitasuna islatzen duten dekorazioak erakusten ditu. “60ko hamarkadako saltokiko erakusmahaiak, eskailerak eta apalak gorde ditut. Guztiak egurrezko palet eta bobinaz eginda daude”, azaldu du jabeak.
Jabearen esanetan, bisitariei konfiantza, produktu aniztasuna eta tratu berezia eskaintzeaz gain, landa-ingurunearen nortasunaren eta fisonomiaren zati dira negozio tradizionalak. Objektuak eskaintzeaz gainera, ukitu berezia ematen diote guneari. Alfonek dioen bezala -hala deitzen diote-, egunero arduratzen da Casa Taidaren xehetasun bakoitza mimatzeaz, hainbat denboraldi tematikotara egokitzen diren atrezzoak dituen erakusleiho bat erakusteko, eta, besteak beste, Kepa Sojoren La pequeña Suiza edo Disneyren Ratatouille filmak, edo Gabonetan Olentzero ekartzeko. Erdi Aroko azoka badago, XV. mendekoa da denda; Artziniegan filmatzen ari badira, filmaren atrezzoa erakusten du erakusleihoak.
Horregatik, Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberaren bosgarren saria jaso zuen jarraian dendak, abenduan, Arabako landa-establezimenduen irudi onenari ematen zaiona (Visual Sariak). “Urte osoan zehar arduratzen gara dendako dekorazioak berritzeaz. Horri esker, produktuen salmenta sustatzeaz gain, bizilagunak edo bisitariak erakartzen ditugu, haien arreta piztuta eta irribarrea eraginda”, adierazi du Alfonsok.
Aurten, zortzi urte bete dira Casa Taida berriz ireki eta berritu zenetik, eta egungo jabeak lurraldean bertan eragiteko nahia azpimarratu du, gure landa-inguruneen bereizgarri den tokiko merkataritza zaintzeko, aitona-amonek erakutsi bezala. "Landa-merkataritzak ezin ditu hainbeste gastu bere gain hartu. Laguntzen ez badigute, ateak itxi beharko ditu tokiko merkataritzak”, dio Alfonsok, kezka pixka batekin. Bitartean, Casa Taida bezalako dendak ezinbestekoak izango dira gure herriak argitzen jarraitzeko.