Wifia doan duen programa pilotu bat jarri dute abian, Arabako hamazazpi landa-gunetan
2022ko martxoaArabako Foru Aldundiak WIFI FREE ekimena jarri du abian, Araba Smart Lurraldea proiektuaren barruan. Ekimen horren bidez, wifia doan edukitzeko konexioak gaituko dituzte, bi urtez, Arabako landa-inguruneko hamazazpi eremu publikotan.
Foru erakundearen Erronka Demografikoaren Zuzendaritzak eta Arabako Lurralde Historikoko kuadrillek estrategikoki aukeratu dituzte softwarearen instalazioa jartzeko eremuak, herri handietan zein txikietan.
Antoñana, Eribe, Izoria, Buradon Gatzaga, Espejo, Mendoza, Gamarra Nagusia, Erdoñana, Kuartango, Leza, Artziniega, Okondo, Urizaharra, Eskuernaga, Burgelu, Sarria eta Zigoitia dira zerbitzu berria izango duten herriak. Monitorizazio-softwarea instalatzeko fasea amaitu da, eta espero da udalerriek laster baliatu ahal izatea.
Proiektua Araba Smart Lurraldea ekimenaren barruan dago, eta Europako Next Generation funtsak eskuratzeko aukera ematen du. 112.000 euroko foru-inbertsioa du, eta konexio-sistema horren erabilera-maila ezagutzeko, eta, Arabako biztanle-gune ia guztietan banda zabala ezarri ondoren, landa-ingurunea digitalizatzeko egiten ari den prozesuan aplikatzeko aukera ebaluatzeko programa pilotu bat da.