Gure nortasunaren altxorrak (5)
Agur, uda. Kaixo, udazken.
2022ko irailaUda honetan, behin eta berriz entzun dugu Euskadi tropikal leloa, Estatu osoan ezaguna dena; Arabako musikari batzuek sortu zuten, laurogeiko hamarkadaren bigarren erdian, reggae eta ska erritmoan. Lehortea gorabehera, gure landa eremuko Arabaren aniztasuna eta berezitasuna berretsiko duten ekitaldi erakargarri mordo batekin esango du agur uda beroak.Iparraldeko gure lurrek Artzain Egun tradizionalarekin esango diote agur udari, lanbide zaharrenetako bat omenduz; gure kasuan, akatsik gabe egokitzen jakin izan du garai berrietara, tradizioaren eta ekosistema berdingabe baten aberastasuna munduko ardi-gazta onenetako bat bihurtuz. Aiarako Kuadrilla bisitatuz gero, esperientzia bikainak biziko ditugu: hainbat filmetako agertoki izandako paisaiak, gastronomia, Erdi Aroko hiribilduak, kultura, eta xarmaz eta nortasunez betetako era guztietako establezimenduak. Zer gehiago eska daiteke?
Hegoaldean, kultura eta enogastronomia uztartuta festa dionisiakoa –mahats-bilketa, alegia– garaikide bihurtuz esango dio agur Arabako Errioxak beroaldiari; izan ere, ardogintzaren zikloko unerik ikusgarrienaren eta zirraragarrienaren atarikoa izateaz gainera, urte bakoitzeko ardoa nolakoa izango den zehazten du, eta, zorionez, baikortasunez eta itxaropen handiz ikusten da uzta. Ardo ezin hobeak, ondarea, herri atseginak, paisaia gorrixta ameslariak… Udazkenean Arabako Errioxan barneratzea sentsazioz beteriko mundu bat bizitzea da.
Mendebaldean, Arabako gure haranak landa-berrikuntzaren epizentroa dira. Kuartangoko Landa Eremuko Elkarretaratze Handia hiru jardunaldiz osatutako topaketa bizia da, elkar ezagutzeko, inspiratzeko, prestatzeko, proiektuak, musika, kultura, aisialdia, berrikuntza eta tradizioak partekatzeko. Hiru ardatzetan –Talentua, Kultura eta Tradizioa– egituratuta, iraunkortasunaren inguruko egitarau bikain batekin dator, eta hainbat jarduera, hizlari sorta interesgarria, elkarrizketa-mahaiak eta Coque Malla eta Jordi Évole bezalako pertsona ezagunak izango dira. Ba al dago hiriko eredua baino etorkizun erakargarriagorik zure bizi-proiektuarentzat? Zuhatzu Kuartangon izango duzu galdera horri erantzuna aurkitzeko tentazioa, irailaren 23, 24 eta 25ean.
Ospakizun mordoa ere ekarriko digu urriak. Gorbeialdean, urriaren 2an Murgian ospatzen den Zuiako Ganadu Azokarekin zabalduko ditu ateak udazkenak. Aukera paregabea da eskualde bikain horretara asteburuko bisita bat egiteko, bete-betean ageri baita bertako naturaren edertasuna sasoi honetan: koloreak, uraren xuxurlak, ipuinetako parajeak eta ikuspegi dotoreak.
Urriaren 15a Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Egun berezia, emakume horiei ikusgarritasun handiagoa emateko eta guztiok landa-ingurunean emakumeak duen rol protagonistaz eta funtsezkoaz. Araban, landa-negozioetako langileen %61,4 emakumeak dira, eta ia erdiak, %49,3, landa-negozioaren arduradunak. Azken urteotan, landa-negozioetako proiektu berritzaile gehienak emakume ekintzaileek bultzatu dituzte.
Urriaren 16an Patata Azoka hartuko du Uribarri Gaubeak, Estatuko tuberkulurik ospetsuena, Arabako patata, protagonista nagusi duen ekitaldi anitza.
Urriaren 23an, tentazioen frutaren inguruko unibertsoa ezagutzera gonbidatzen gaitu Laudiok, Sagar Azokan. Arabako Lautadako artisautza eta produktu onenak ere izango dira Gaunan egun horretan, Lautada Egunean. Aukera ona da asteburu batez Donejakue bidea bezalako ibilbide ezagunak dituen eskualde zoragarri horretara ihes egiteko, bai eta historia Neolitikotik zeharkatzen duen ondarea aurkitzeko, bertako gastronomiaz gozatzeko, euskal sukaldaritzako produktu izarrak zuzenean eskuratzeko eta, nola ez, zentzumenak gatibatzen dituen natura anitza sentitzeko ere.
Hilaren amaieran, urriaren 30ean, Urkabuztaizko Azoka izango da, behi, zaldi, ardi eta ahuntz eta artisau- eta nekazaritza-produktuen erakusketarekin. Goiuriko ur-jauzia, Natura 2000 Sareko harizti bikainak eta Altube eta Baia ibaiek landutako ametsezko txokoak pisuzko arrazoiak dira udazkenean bisita bat antolatzeko.
San Martin eguna landa munduko egun seinalatuetako bat da. Egun horretan amaitzen da udazkena.
Santikurutze Kanpezuk azaroaren 13an ospatuko du aurten efemeride hori, bere azoka tradizionalarekin;
azienda-azoka garrantzitsu gisa sortu zen azoka horrek Arabako Mendialdearen esentzia erakusten duten hainbat jarduera eskaintzen ditu gaur egun. Artisautza, erakusketak, kultura, bertako produktu bikainak. Dibertsioa, zalaparta eta gozamen gastronomikoa zain dituzue inguru natural pribilegiatu batean.
Udazkena garai ezin hobea da natura askotariko eta berezi batean zipriztinduta dauden Arabako herrietara hurbiltzeko. Udazkena, landako negozio txiki eta atseginek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen kalitateaz gozatzeko.