Gure landa-eskaintzaren indartzea
2023ko martxoaAraba Market plataformak marketplace bat ezarriko du 2023an, Arabako landa-negozio txikiei online saltzeko kanal bat emateko.
Araba Marketek bere ibilbideari ekin zionean, helburu espezifikoetako bat zen landa negozio txikiek erakusleiho webgune bat izatea, haien ikusgarritasuna areagotzeko. Erronka ugariri egin behar die aurre landa inguruneak, ikusgarritasun eskasari, besteak beste, eta ez soilik eskaintzaren eta eskariaren egungo sisteman, baita gizarte osoa bere biztanleriaren bizi-kalitatea mehatxatzen duten beste egoera koiuntural batzuez jabetu dadin ere.
Hala ere, duela gutxiko hainbat zirkunstantziaren, pandemiaren edo klima-aldaketak piztutako alarmaren ondorioz, esaterako, pertsona asko beste begi batzuekin hasi dira beren ingurura edo ingurune natural hurbilenera begiratzen. Gaur egun, sentsibilizazio handiagoa sumatzen da landa-ingurunearekiko eta hurbileko produktu naturalekiko. Horrek, berez, ez dakar zuzenean sektore ekoizleen mozkinen hazkundea, baina ezin da gutxietsi goranzko joera hori aukera garrantzitsua dela landa-negozio txikien bideragarritasuna biziberritzeko. Euskadiko Merkataritza Behatokiak berriki egindako ikerketa baten datuen arabera, ondoriozta daiteke Araban 37.000 kontsumitzailek baino gehiagok ematen diotela lehentasuna hurbileko produktuak erosteari.
Tokiko produktua eta Arabako elikagai zein edarien kalitate aparta landa-merkatuaren funtsezko osagaiak badira ere, Arabako landatartasun berriaren jarduera ekonomikoa askotarikoa da. Araba Marketen –datu makroekonomikoetara estrapola daitekeen «argazki» bat eskaintzen du neurri batean–, ekoizleen eta elikagai- zein edari-establezimenduen negozio txikiak erakusleiho den webgunean inskribatutako negozio guztien %30 baino zertxobait gehiago dira. Hau da, gure landa-negozioen %70 askotariko zerbitzuetan eta bestelako saltokietan aritzen dira.
Nola hurbildu dezake gehiago Araba Marketek gure landa-negozioen eskaintza merkatu-segmentuetara? Bi bide desberdin ikusten dira –online salmenta sustatzea eta gure lurraldean bisitak eta egonaldiak erakartzea–, baita estrategia konbergente bat ere, landako eta hiriko ekosistemetan elkarlaneko sinergiak bultzatzea, alegia. Aipatutako bi bide horiek bi salmenta-kanaletan oinarritutako negozio-eredu bat marrazten dute: online salmenta eta establezimendu fisikoa. Askotan, biak dira ezinbestekoak landa-negozioen bideragarritasuna eta erresilientzia bermatzeko. Lankidetza-estrategia da gure lurraldeko bizi-kalitatearen oinarri den ehun ekonomikoa indartzeko gakoa.
Araba Marketek web-plataforma eraldatu nahi du aurten, Arabako landa-eskaintza indartzeko eta gure erkidegoko egungo eta etorkizuneko negozioak bidea elkarrekin egitera gonbidatzeko. Izan ere, marketplace-a sortuta –alegia, Arabako landa-eremuko online denda handi bat, eskaintzak beste supermerkatu digital edo marketplace handi batzuekin batera egiteko gaitasunagatik lehiakorra dena–, gure negozio txiki bakoitzak online erosteko ohitura berrietara egokitutako doako salmenta-kanal bat izatea ahalbidetu nahi da: kontsumitzaileei erosketak aurkitzeko, aukeratzeko eta etxean jasotzeko erosotasuna eskainita, gure landa-eremuko produktu eta zerbitzuen eskaintza bateratu, zabal eta askotarikoaren erakargarritasunaren bidez. Guztia, bilaketa eta erosketa-prozesu osoa biltzen eta errazten duen webgune bakar batetik.
Hiriko biztanleen (%75) eta landako biztanleen (%25), eta hiriko lurraldearen (%75) zein landakoaren (%25) arteko topagune eta elkarlanerako gune izan nahi du Araba Marketek Araban. Izan ere, osorik –gure lurraldea eta gure erkidegoa– zatien batura baino gehiago da.
Sartu, kolaboratu Araba Marketekin eta… gozatu bizi-kalitateaz.