Arima duten objektuak
2022ko maiatzanArtisautzari lotutako lanbideek sustrai sakonak dituzte Araban. Horren lekuko ditugu gremioen izenak, Erdi Aroaz geroztik indarrean dirauten hiribildu nagusietako hirigune historikoetako kale askorenak.
Arabako landa-eremuan, tradizioari leial zaizkion artisau-lanbideak eta eremu garaikideko beste lanbide batzuk ditugu. Izan ere, “artisautzari” aplika dakiokeen kontzeptuak eboluzionatu egin du gure gizarte industrializatuan, eta jarduera-sorta zabala hartu du bere baitan. Jarduera horien balio bereizgarria gehiago da bizitzan dugun jarreraren eta lanaren espirituak berak izan behar duenaren ikuspegiaren ondorio, belaunaldiz belaunaldi transmititutako “egiten jakitearen” herentzia metodologikoaren ondorio baino.
Denak du lekua Arabako gure landa-eremuan. Gure produktu tradizionalen (ardoak, gaztak edo gure etxeko herri-tresnak) artisau-izaera bermatzeko ahaleginarekin batera, jarduera berriak sortzen dira, zigilu pertsonala duten objektuak eskuz sortzea xede dutenak, bakoitza objektu berezi bihurtzeko, nahiz eta patroi berari jarraitu. Arima duten objektuak dira.
Horren adibide dugu Atuvera Encuadernación. Inosoko negozio honetan, oroitzapen-albumak, txartelak eta koadernoak sortu eta merkaturatzen ditu Anak, besteak beste. Jabea koadernaketa ikastaroak egiten hasi zen lanik gabe geratu ondoren, eta, pixkanaka, bere lanbide berria bihurtzen hasi zen. Anarentzat, funtsezkoa da landa-ingurunea bere jarduera garatzeko, bertatik baitator bere estiloaren zati bat. “Materia nobleekin lan egitea gustatzen zait, eta aurkitzen ditudan elementuak integratzen saiatzen naiz, hala nola egur txikiak”, adierazi du.
Berak bezala, beste artisau batzuek ere landa eremura joatea erabaki dute, esaterako, Kuia Lámparaseko Iñakik. Bidaia batean ikusi ondoren, kalabazekin lanparak sortzea hobby gisa hasi zena bere diru-sarrera nagusi bihurtu zen azkenean. Beharrezkoa zen Uzkiora bizitzera joatea, bertan ezarri baititu bere lantegia eta etxebizitza. "Ez nuen landa-ingurunera aldatu beste erremediorik, baina nire etxea erakusketa bihurtzeko aukera da erakusleihorik onena, lanparak erabiltzen diren leku batean erakuts ditzakedalako", esan du Iñakik.
Iñakik egindako lanpara
Alexandra, Caostura osagarrien markaren diseinatzailea eta sortzailea, harrituta eta pozik dago artisautzak duen harrera onarekin. “Nire ibilbidean, motxila edo poltsa bakoitzaren atzean dagoena estimatzen duen jendearekin bakarrik egin dut topo, zorionez”, dio. Izarran bizi da gaztea, eta uste du garrantzitsua dela herriak bizirik mantentzeko borrokatzea; ez dela hirira joan behar, ekiteko.
Alexandrak (Caostura) egindako jantziak