Amurriok Txakolin Egunaren hogeita hirugarren edizioa hartuko du igandean
2022 maiatzaIgande honetan, maiatzaren 22an, Txakolin Egunaren hogeita hirugarren edizioa hartuko du Amurriok, Juan Urrutia parkean. Azokaren helburu nagusia da 2021eko mahats-bilketa sustatzea eta Arabako Txakolina Jatorri Deiturako sei upategiren eskutik Arabako produktu horren kontsumoa ikusaraztea.
Udaletxean hasiko da azoka; bertan, 2021eko mahats-bilketaren aurkezpena egingo da, ohorezko aurresku batekin, eta Arabako Txakolinaren 2022ko enbaxadore izendatuko dute Maite Eskarmendi Ezkerra kazetaria. Ondoren, 12:00etan, txupinazoarekin inauguratuko da esparrua.
Esparru barruan, txakolina dastatu ahal izango dute bertaratzen direnek, baita errazioak eta pintxoak ere. Horretarako, tiketak erosi beharko dituzte bertako standean. Artisau-produktuen eta bertakoen erakusketa eta salmenta ere egingo da egunean zehar, kalejiraren animazioak lagunduta. Horrek guztiak 17:00ak arte iraungo du, eta erromeria hasiko da orduan.
Gasteiztik joateko aukera
Aurten, Gasteiztik joateko autobus zerbitzua eskainiko du azokak. Jesus Guridi kaletik irtengo da, 11:00etan, eta 17:00etan itzuliko da Amurriotik. Txartelak Azoka plazako Arabako Txakolina postuan erosi ahal izango dira.
Amurrioko 2022. "Txakolin eguna" azokaren kartela