+8 txekeen salmenta-marka
2022ko abenduaMilaka pertsonak lagundu dute Arabako herri txikien esentziari eta gure landa-inguruneko bizi-kalitatearen potentzialari eusten, Araba Market +8 txekeak erosita.
43.750 +8 txeke jaulki eta salduta amaituko dugu urtea; lehen edizioan 18.750, eta bigarren edizioan, 25.000. Azaroaren 24an salgai jarritako txekeen azken edizioa bi aste eskasetan agortu zen, eta harrera arrakastatsuak aurreikuspen guztiak gainditu ditu.
Araba Marketen izena eman duten 300 negozioetatik 217k parte hartu dute aurten txekeen programan. Pertsona talde horren jarduerek Araba landatarraren aniztasuna irudikatzen duen paisaia koloretsua eskaintzen dute. Ile-apaindegiek, taxilariek, liburu-dendek, fisioterapeutek, elikagai-dendek, gaztandegiek eta abarrek hartu dute parte Arabako landa-eremuko produktu eta zerbitzuei ikusgarritasuna ematea, produktu eta zerbitzu horiek sustatzea eta horien inguruan sentsibilizatzea helburu duen programan.
Eskerrik asko Araba Market osatzen duten pertsona guztiei eta erosketekin Arabako erronka demografikoari aurre egiten laguntzen dutenei, hau da, despopulazioa saihesten eta lurraldeko herri guztietako bizi-kalitatea bermatzen. Albiste hau ospatzeko eguna da gaur. Zorionak eta urte berri on!